Gaur udako solstizioa ospatzen dugu, urteko gaurik luzeena. Jai, magia, gozo eta txinpartaz beteriko gau honetan denboraldi aldaketari ematen diogu ongietorria.

Saroben begirada zabala dugu eta beti gure inguruko herrietan zer gertatzen den jakitea dugu maite. Hau dela eta, gaurkoan San Juan bezpera ospatzeko Katalunia eta Ibizan egiten diren bi gozo tradizional aurkeztuko dizkizuegu: Koka Katalana eta Ibizako Makarroiak.

Sant Joaneko Koka torta zapal bat da eta era desberdinetan aurkez daiteke. Ohikoenak kremaz beterikoak edo fruitu konfitatuekin egindakoak dira. Mediterraneoan zehar aurkitzen diren pizza etab-etatik gertu dago, eta San Juan bezperako berbenan gozatzeko prestatzen da Katalunia guztian zehar. Menorkan antzerakoa egiten dute, baina osagaiak eta prozedura aldatzen dira apur bat eta beste izen batez ezagutzen da: Koka Bamba.

Baleareetan jarraitzen dugu hurrengo gozoa aurkezteko: Sant Joaneko Makarroiak. Antzinatik prestatzen da San Juan bezperan jateko bai Ibizan baita Formenterako irlan ere. Oinarri gisa pasta zapal eta motza erabiltzen da, normalean irletan bertan bakarrik aurkitzen da eta ez urte osoan zehar. Ondo ulertzeko arroz esnearekin konpara dezakegu, hotza aurkezten da eta kanela pixka bat jartzen zaio.

Ziur zuek baduzuela San Juan eguneko gozo bat, utzi zure errezeta eta oroitzapenak gure komentarioen atalean!

Gora San Juan!